Eraldaketa digitala, kultura- eta sormen-proiektuetarako aukera

transformacion digital proyectos culturales
Lan egiteko, komunikatzeko eta harremanak egiteko modua aldatu du eraldaketa digitalak. Horrez gain, kultura-arloan ere eragina du. Digitalizazioak aukera eta onura asko eskaini diezaie proiektu kulturalei. Zeintzuk?

Edukien zerrenda

Bizitzaren esparru guztietan eragiten ari da eraldaketa digitala. Oraingo honetan, azalduko dizut nola izan daitekeen onuragarria sormen- eta kultura-arloan ere, hainbeste aipatzen den industria-sektorean bezainbeste.

Niri funtsezkoa iruditzen zait, eta egunero bizi dut nire lanean. Izan daiteke teknologian sinetsi eta aprobetxatu egiten dudalako. Azken batean, nomada digitala naiz eta baliabide teknologikoak dira nire lan-tresna nagusiak. Gaur egun, ezingo nintzateke bizi horiek erabili barik.

Horretan sinesten dut, hortaz, zerbitzu hobeak eskaintzen eta lan-metodoak bikaintzen lagunduko nauten formulak arakatzen ditut egunero. Lan-helburuak betetze aldera, nire proiektuetan beti izaten dut buruan nola aprobetxatu ditzakedan baliabide eta formatu horiek.

Eraldaketa digitalak aldaketa handia ekarri du kultura- eta sormen-alorrean, oraindino erakunde askok besarkatu ez dutena, ez dutelako jakin nola, ezin izan dutelako, edo, beste barik, ez dutelako nahi. Arrazoi bategatik edo besteagatik, egokitzeari uko egiten diote.

Errealitateak eta datuek adierazten dutenez, bestalde, edozein motako kultura-proiektu eta entitateek paradigma aldatu behar dute iraun ahal izateko, mundua bera aldatu egin delako.

Ikus dezagun zeintzuk diren eraldaketa digitalaren eta kultura- eta sormen-arloko teknologiaren gakoak.

Zer da eraldaketa digitala

Ziur gaiari buruzko zerbait entzun duzula; badirudi modako termino bihurtu dela, eta mundu guztia bihurtu behar dela espezialista horretan.

Labur-labur azalduta, esan genezake 60.hamarkada amaieratik aurrera garatzen joan den egiturazko aldaketa handia dela, Internet-en sorrerarekin batera.

Ikusten duzunez, ez da gauza berria. Dagoeneko erabat murgilduta gaude guztioi eragiten digun iraultza handi honetan.

Eraldaketa digitala, enpresa jardueren, prozesuen eta ereduen bilakaera eta eraldaketa da, eta hainbat teknologia digitalen aukerak modu estrategikoan aprobetxatzea ahalbidetzen du, negozioek dituzten esparru guztietan.

Lan egiteko eta harremanak izateko modua aldatu du eraldaketa digitalak. Baita aldaketak egiteko erritmoak ere, bizkortu egin baititu.

Lan egiteko eta ekoizteko modu berri bat sortu duen iraultza da. Baina aldaketa handiak ekarri ditu ere giza esparruan, hala nola, gure jokabide, sinesmen eta kulturan.

Ez gabiltza teknologia berriei buruz besterik ez, hori baino askoz gehiago da.

Zer dakar eraldaketa digitalak kultura- eta sormen-eremuan?

Jakina, eraldaketa digitala sormen eta kultura-arloan ere gertatu da, eta maila askotan.

Webguneek eta sare sozialek komunikatzeko modua aldatu dute, eta aukera ugari sortu dituzte proiektuek jarraitzaileak erakar ditzaten eta, aldi berea, azken horiek ikusle, erosle, kontsumitzaile eta abar bihurtu daitezen.

Baina kontua ez da mugatzen aplikazio teknologiko bat edo bestea erabiltzera, ezta like-ak batzera ere. Gauza bera gertatzen da hardware edo gadgetekin: ez da mugatzen museoetan mobilak erabiltzera, edo ikuskizunak droneekin grabatzera.

Ezta formatu berrietako edukietara ere, nahiz eta komunikabideen arteko oztopoak gainditzen dituzten sarri.

Eraldaketa digitalak paradigma aldaketa handia dakar kultura eta sormen-arloan. Rol guztiak desitxuratzen eta kontsumitzailea/ikuslea/bezeroa/publikoa estrategia eta ekintzaren erdigune bihurtzen duen egiturazko metamorfosia.

Dagoeneko, sorkutzaren objektua ez da zentroa. Ordezkatua izan da, eta orain azken hartzailea da zentroa, izan produktu baten eroslea, bisitari bat, ikusle bat eta abar.

Hierarkia eta rolen arteko desberdintasunak hautsi eta lankidetzan oinarritutako ereduekin egiten da lan, informazioa eskuratzea eta sortzea ere demokratizatuz.

Komunikazioaren arauak aldatu dituzten faktoreak

Dena aldatzeko jaio diren bideak.

Digitalizazioaren hastapenetan, webguneak sortu ziren, eta komunikazioa demokratizatzeko aukerak eskaini zituzten. Modu horretan, erakundeek, enpresek, kolektiboek eta gizabanakoek euren mezuak mundura zabaltzea lortu zuten.

Horren ostean sortu ziren sare sozialak, eta leherketa izugarria gertatu zen. Izan ere, plataforma horiei esker, erabiltzaileak eduki-sortzaile bihurtu gara.

Kultur proiektuei dagokienez, aukeratzat hartu behar dugu eraldaketa digitala: guztiok izan gaitezke sortzaile, eta bozgorailu handi bat dugu bide berri (dagoeneko ez hainbeste) horiei esker.

Horrez gain, aipatutako bide horiek beharrezko heldutasuna lortu dute, eta ondorioz, erabiltzaileok ere uler dezakegu jada ez direla berrikuntza huts bat. Izan ere, geratzeko heldu ziren, eta ezinbestekoak dira gure egunerokotasunean.

Ezagutzen duzu interneten nabigatu ez duenik? Sakelako telefonorik ez duenik? Zenbatek ditugu profilak sare sozialetan?

Datu bat emango dizut, hausnartu dezazun: 16-65 urte bitarteko internauten %85ak erabiltzen ditu sare sozialak, hau da, 25,5 milioi erabiltzaile Espainiako estatuan soilik. (sare sozialen gaineko 2019ko ikerketaren datuak, IAB).

Formatu berriak eszenan

Bide berriak sortzeaz gain, formatuei dagokienez ere iraultza handia egon da.

Edukia bihurtu da errege. Hedapena eta ikusgarritasuna lortzeko tresna boteretsua da, baita erabiltzaileen arreta pizteko ere.

Gaur egun formatu ugaritan sor daitezke eduki erakargarriak: eraldaketa teknologikoari esker, oztopoak gainditu eta testu hutsetatik harago doazen formatuetan sortu daitezke edukiak.

Mezuak modu askotara transmititu daitezke: testuak, argazkiak, infografiak, ilustrazioak, bannerrak, bideoak, audioak…

Eremu zabala da, oraindik gehiago hedatuko dena laster garatzen ikusiko ditugun teknologiei esker. Errealitate birtuala, errealitate areagotua eta adimen artifiziala aplikatzeak aukera handiak eskaintzen ditu, dagoeneko ustiatzen ari direnak, eta laster lehertuko direnak.

Hori aukera paregabea da kultur proiektuei dagokienez, horien izaera bera dela eta: kultur proiektuen izaeraren muina edukia da. Hortaz, balio handi hori ustiatzea da kontua.

Aldaketak komunikazioan

Komunikazioa aldatu da

Igorle, mezu eta hartzailean oinarritzen zen komunikazio eskema tradizionalaren mugak hautsi dira.

Rol guztiak nahasten dira, aprobetxa dezagun.

Eraldaketa digitalak kultura- eta sormen-proiektuei eskaintzen dizkien abantailak

Asko dira eraldaketa digitalak sormen- eta kultura-proiektuei eskaintzen dizkien abantailak.

Azken erabiltzaileekin komunikatzeko bide berriak gure esku daude. Are gehiago, audientzia berrietara ere heldu gaitezke.

Ez duzu sinesten? Helburu horiek dituen teknologiarengan konfiantzarik ez duen horietakoa zara?

Datu bat errealitate horretaz konbentzitu zaitezen: Europako biztanleriaren %94a internetera konektatuta dago.

Ezagutzen duzu gaur egun sakelako telefonorik ez duenik? Ezagutzen duzu inoiz internetera konektatu ez denik?

Aldaketa horrek aukera asko eskaintzen dizkigu:

Proiektuaren kudeaketa hobetzen du

Prozesuak aldatu dira: kudeaketarako modu berriak ditugu eta tresna ugari, barne-komunikazioa errazten dutenak.

Proiektu baten aurrerapausoak jarraitu ditzakegu edozein leku eta momentutan. Prozesuak arindu egiten dira.

Nik egunero bizi dut nire lanean. Proiektuak zuzendu eta kudeatzen ditut munduko edozein lekutatik eta edozein ordutan. Espazio eta denboraren mugak hautsi dira.

Sarri leku berean ez dauden eragileak inplikatzen dituen kultur proiektu baten barne-kudeaketa egingarriagoa da gaur egun, eta gure behar guztietarako irtenbideak eskaintzen dituzten tresnak daude: dokumentuak partekatu eta aldi berean landu, ekoizpen egutegia kudeatu, aurrekontuak kontrolatu, hainbat eragileen arteko komunikazioa…

Lortzen dena zera da, produktibitatea handitzea eta gu azkarragoak eta eraginkorragoak izatea.

Horrez gain, tresnak erabiltzeaz harago, bada beste faktore onuragarri bat: orain, prozesuak ebaluatu eta neurtzeko aukera dugu, datuak lortzeko, ematen ari garen pausoak aztertzeko eta hobetu behar ditugun alderdiak identifikatzeko.

Berritzeko aukerak

Formatu eta bide berriek aukera ugari ematen dituzte mezuak zabaltzeko eta publikoa erakartzeko.

Sormenari bide emateko mugak zabaltzen dira.

Eta kulturari dagokionez, ausartu beharra dago sormenak indarra izateko, ez?

Onuradunen esperientzia hobetzen du

Aldaketa horien ondorioz, gure kultura-proposamena ez da kultura-egitate hutsean geratuko. Esperientzia askoz globalagoa eskaintzen du, hainbat esparru hartu eta testuinguru analogiko eta digitala gaindituko dituena.

Gure bizitzak ez ditu dagoeneko muga horiek bereizten; gure bizi-jardueraren parte da dena.

Hortaz, kultura- edota sormen-proiektuei dagokienez, hasieratik integratu behar dugu bat-egite hori, eta pentsatu behar dugu nola heldu ahal garen gure publikora, bi testuinguruetako ekaintzak elkartuz.

Konexioa publikoarekin eta irisgarritasuna

Teknologia digitalak gure audientzia eta publikoarekin hobeto konektatzeko aukera ematen digu.

Edozein lekutik eskura daiteke, edozein momentutan eta inongo mugarik barik.

Merkatu eta publikoen segmentazioa

Publiko mota jakin batentzako ekintza espezifikoak garatu ditzakegu, baita audientzia berrietara heldu ere.

Formatu eta narratiba berriak

Mezuak hainbat modutara eta hainbat formatutan erakusten dituzten ekintzak garatzea posible da, bata eta bestearen arteko mugak gaindituz.

Mezu tradizionalak tresna berrietara eramatea ez da nahikoa. Beharrezkoa da mezu horien forma eta ereduak aldatzea, formatu berrietara egokitu eta bakoitzaren ezaugarriei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.

Edukien sorkuntza komunitatean

Publikoa eduki sortzaile ere bihurtzen da.

Komunitate preskribatzailea

Edukiak sortzeaz gain, publikoa edo bisitaria epaile bihurtzen da. Bere iritzia ematen du. Lehen ere, egia da.

Beste batzuk orientatzeko baliagarriak diren esperientziak elkarbanatzen ditu gizakiak; ahoz ahokoak funtzionatu izan du beti.

Orain, aldiz, esperientzia horiek ingurune digital bihurtzen dira. Horrek daukan potentzia askoz handiagoa da, mundu osora heldu baitaiteke.

Gure estrategia eta ekintzak neurtzeko aukera

Teknologia digitalak erabiltzeak dituen abantailetako bat da hau, izan ere, ondorioak neurtu daitezke, eta helburuak lortu diren ala ez ebaluatu.

Horrez gain, emaitzen jarraipena eta monitorizazioari esker, estrategia eta ekintzetan aldaketak egin daitezke.

Beste eragile batzuek gure proiektuak babestea lortzeko aukerak

Babesletza, mezenasgo eta laguntza ereduak ere aldatzen ari dira. Testuinguru digitalak lankidetzan oinarritutako harreman hurbilagoak ezartzeko aukera eskaintzen digu.

Nahiz eta haien jarduerarekin zuzenean lotuta ez egon, dagoeneko ikus dezakegu marka, enpresa eta entitate batzuk proiektuen lankidetzan parte hartzen dutela, hainbat formularen bidez.

Batzuetan, proiektuak babesten, modurik tradizionalenean. Baina aurreratuenak sortzaile eta eragile aktibo ere bihurtu dira.

Kirolaren kasuan oso argi ikusi daiteke, Red Bull edo Coca Cola bezalako konpainiek garatzen dituzten proiektuetan, adibidez. Bankuak edo aseguru etxeak ere horrelako akzioetan murgildu dira.

Kulturaren arloan, museoak eta musika-jaialdiak dira, batez ere, mota horretako laguntza jasotzen ari direnak.

Dena den, lehertu beharreko bidea da. Beste herrialde batzuetan egiten dute dagoeneko, eta arrakasta handiz. Aztertuko ditut kasu batzuk hurrengo batean.

Beste alde batetik, proiektuak babesteko formula berriak sortu dira, crowdfundinga, esaterako.

Erronka handia aurretik

Digitalizazioak estrategia aldaketa integrala eskatzen du. Estrategia horrek bi muturrak batuko ditu gaur egungo testuinguruan: alde batetik, kultura-erakunde, artista eta sortzaileak beren misio, balio eta jarduera espezifikoarekin; bestetik, publikoekin konektatu beharko du.

Esparru horretan, bestalde, beharrezkoa da hainbat gauza kontuan hartzea.

Publikoa aldatu egin da, gehiago aldatuko da. Ezinbestekoa da egokitzea.

Albisteetan ikusi dezakegu museoetara joaten diren bisitariek erregistratutako bisita-kopurua gainditzen dutela urtero, batez ere munduko museo ospetsuenetan. Dena den, jakin behar dugu laster kopuru hori izugarri murriztuko dela, bi arrazoirengatik:

Audientzia berrietara heltzea beharrezkoa da

Erakundeek eta proiektuek pertsona mota bera erakartzen badute, luzera begira erabiltzailerik gabe geratuko dira. Gaur egun ere, etengabe egiten diren ikerketen arabera, museoak eta kultur proiektuak ez dira erakargarriak biztanleriaren ehuneko handi batentzat. Ez dute uste haiengana zuzenduta daudenik.

Hortaz, audientzia horiek berritzeko erronkari aurre egin eta publiko berriak erakartzea da kontua. Beharrezkoa da bisitari tradizionalaren profila aldatzea eta belaunaldi berrietara heltzea.

Eta belaunaldi berri horietara heltzeko, milenials, centenials eta gainerakoak, bide berriak ezarri eta komunikazio formatuak aldatu beharko dituzte. Azken batean, haiengana jo, haiek egiten duten lekuetan.

Esperientziak bizi nahi ditugu, loturak sortu

Gehiegizko informazioaren aroan bizi gara. Inoiz baino aukera gehiago ditugu mugitzeko eta beste kultura eta errealitate batzuk ezagutzeko.

Ematen du dagoeneko ezin gaituela ezerk harritu. Ezta objektu kulturalek ere.

Horietara lotzeko ahaleginak estrategia zabalago bat eskatzen du: kontua jada ez da artelan bat erakustea edo antzezlan baten ekoizpena perfektua izatea. Zerbait gehiago behar da.

Eta zerbait horrek esan nahi du proposamenarekin beste modu batzuetara eta beste momentu batzuetan konektatu behar dugula; proposamenarekiko interakzioaren aurretik, bitartean eta ondoren.

Eta teknologia digitala aliatu handia da zentzu horretan, aukera asko eskaintzen dituelako ikusleengan interesa pizteko eta hura erakarri, konkistatu eta gatibu hartzeko.

Nola heldu publiko berriengana?

Ez da batere erraza. Nahiz eta hasiera batean gakoa sinplea dirudien: publikoa objektu kulturalarekin identifikatzea lortu behar da.

Aukerak asko dira, baina zailena tekla perfektuarekin asmatzea da.

Azken batean, publikoak beretzat aitortzen eta sentitzen duenari hurbiltzea da kontua. Kultura-proiektua publikoaren bizitzaren parte diren esperientziekin lotzea.

Chris Derconek, Londresko Tate Moderneko zuzendari izan zenak eta Museoaren ikusmoldea irauli zuenak, aspaldi esan zuen “museoa eraginkorra da afektiboa bada”.

Objektu kulturala jada ez da proposamen hutsa, biziarazten gaituen esperientziak ere ulertzen ditu. Maila pertsonalean, baina baita maila sozialean ere.

Elkarlanean lan egiten konpondu ditzakegun erronka handiak.

Nola? Laster kontatuko dizut pentsatzen dudana.

.

.

.

.

.

.

.

.

.

Partekatu nahi duzu?

Azken artikuluak

Harpidetu zaitez eta informazioa jaso

Pribatutasun politikaren gaineko oinarrizko informazioa
Arduraduna: Amaia Ocerin
Helburua: Nire zerbitzuen gaineko gaineko informazioa ematea erabiltzaile bakoitzaren beharren arabera
Legitimazioa: Egokitzen zaien pertsonen baimena
Hartzaileak: Webgunea ostatatu EBko herrialde batean
Eskubideak: Iristea, zuzentzea edo ezabatzea
Informazio gehigarria: Informazioa hemen osatu ahal duzu