Sarritan, eta azkenaldian gero eta gehiago, sare sozialen ikuspegirik maltzur eta ezkorretan erreparatzen dugu. Albistegi eta elkarrizketetan gaia pil-pilean dago: denbora gehiegi eskaintzen diogula gure sare sozialetako jarduerari; denbora galtzea dela; iruzur, maltzurkeria, albiste faltsuak partekatzen ditugula; etekin positiborik ez zaiela ateratzen; gazteriak (eta hain gazteak ez direnak) mendekotasun maila kezkagarria erakusten duela..…
Gaur, ni, sareak, eta bereziki sare sozialek, eskaintzen duten beste ikuspegi positiboago bati buruz mintzatuko naiz. Hauxe da niri gehien erakartzen nauen alderdia, gainera: interneten alde soziala.
Lotsa puntu batekin bada ere, eta nire bizitzaren arlo pribatu bat partekatuko dudala aitortuz (eta ez daukat horrelako ohiturarik, nahiz eta nire jarduera profesionala erabat digitala izan), oraingoan ausartuko naiz eta istorio bat kontatzera natorkizue, benetako istorio bat, pertsona batzuen bizitzetan aldaketarik handiena ekar dezakeena. Ez al da norberaren jatorria ezagutzea pertsona baten oinarrizko eskubide, datu eta kezka? Hauxe da istorio honen hastapena.
Nire alaba adoptatua da. Txinan adoptatu genuen duela 13 urte. Bere jatorrizko herrialdea ezagutu eta bere sortzeaz ia daturik ez ditugu, baina bidaia egin genuenean Txinako gobernuari eskaera berezia bota genion eta alabaren umezurtz-etxean sartu eta bertoko bizilagun eta langileekin egoteko baimena lortu genuen. Guretzat esperientzia zoragarria izan zen: alabaren jaiotza egunetik bera zaindu zutenak ezagutu genituen, bere lehenengo hilabetetako bizitza nolakoa izan zen kontatu ziguten, bere gauzak ezagutu… zorionekoak izan ginen hori guztiagatik. Beste familiek baino askoz informazio handiagoa jaso genuen eta altxor bat moduan gorde izan dugu. Gure alabari gurekin elkartu baino lehenagoko bere bizitzako une batzuk kontatzeko aukera daukagu.
Une horretatik aurrera nire bizitzako ametsetako bat alabak bere guraso biologikoak ezagutzeko aukera izan dezala izan da. 2005etik buruan bueltaka izan dudan ideia izan da, etorkizunean aurrerapen teknologikoek, egoera politiko eta sozialak eta ikuspegi berriek aukera hau ahalbidetuko zutela. Eta bizitzak alabari bere jatorria ezagutu eta agian sortzezko familiarekin harremana izateko parada eskainiko ziola.
Egun, 2018ko hasieran, baliteke une hori inoiz baino hurbilago izatea.
Familia adoptatzailetariko askok interneti esker munduko edozein tokitan dauden beste familia batzuekin harremana daukagu. Gehienok ez dugu elkar ezagutzen eta gure seme-alaben egoerak elkartzen gaitu. Badaude haurren jaiotzezko umezurtz-etxeetako familiek sare sozialetan lotutako taldeak. Eta hauetako batzuetan nik izandako kezka berdina sortu da eta buruari eragin diogu, ea haurren jaiotzezko loturarik topatzerik izango genukeen.
Eta modua okurritu zaigu, internet eta teknologiaren bitartez.
Sarea erabiliz Txinaraino helarazi nahi dugu gure nahia eta kezka eta haurren familiak bilatu. Txinako biztanle kopurua ikusita, zaila izan daiteke, baina ahal dugun guztia egingo dugu.
Hedapena lortzeko estrategia zehatz bat jarri dugu martxan azken hilabetean Txinako herrialde ezberdinetako seme-alabak ditugun famili talde hauek. Oraingoz AEB familiak dira ekimen honetan sartu diren gehienak, europar bakarrak gu eta Kataluniako beste familia bat izan gara.
Bideo bat grabatu dugu taldean, non egoera azaldu eta famili bakoitzeko alabak bere burua aurkeztu eta bere nahia adierazten duen. Bideo hau Txinako sare sozial erabilienetan zabaldu dugu, bertoko kontaktu eta laguntzaile batzuen kolaborazioarekin. Eta hedatzea lortu dugu: lau egunetan,Youku sare sozialean 3600 biderrez ikusi da eta Weibon hainbat biderrez partekatu da.
Hemen duzue bideoa (iragarkiak bukatu ostean):
Baina eremu geografiko bakoitzeko ahalik eta biztanle kopuru handienera heltzeko asmotan, Txinako biztanle batzuen laguntza bilatu dugu, mezua bertoko telebista kateetara helarazi eta emititu dezaten. Eta hau ere lortu izan dugu: larunbatean irismen zabalen daukan albistegiak gure ekimenaren berri eman zuen. (Ikusi nahi duenak hemen dauka bideoa – 29:55 minututik aurrera).
Bestalde, teknologiak beste aparteko aukera bat eskaini digu, jatorri biologikoa eta litekeen lotura genetikoa aztertu eta, parada sortu ezkero, baieztatzeko. Egun badaude azterketa genetikoa eta DNA ikertu eta sarearen bidez ikerketa horietarako laginak hartzeko kit-a banatzen dituzten enpresak. Guk, familiok, Txinan sor daitezkeen hautagaiei DNA ikertzeko modua ahalbidetuko diegu, horrelako kit-ak eskainiz.
Prozesua, noski, hemen kontatutakoa baino askoz luzeagoa da. Baina ondorioa argia da: baliteke gure alabak hemendik gutxira bere sortzezko gurasoak ezagutzeko aukeraren bat izatea. Eta gertatzekotan, abiapuntua teknologia eta sare sozialei esker eman da.
Beraz, internetak eta sare sozialek badaukate ikuspegi positiboa. Gure esku dago honi etekina ateratzen jakitea.
Eduki hau Sarean.eusen argitaratu zen otsailaren 22an.