Liburuaren Egunean, nirea argitaratu nueneko oroitzapena

Liburuaren Eguna 2021 - Amaia Ocerin
Liburuaren Egunean duela urte asko Alberto Muro argazkilariak eta biok argitaratu genuen liburuaz gogoratu naiz. Bizkaiko baserriaren inguruko azterketa sakona egin genuen, ikuspegi ezberdinak landuz. Niretzako liburu baten sormen eta produkzioa baino askoz gehiago izan zen eta barruak astindu zizkidan. Oroitzapen eta sentsazio ederrak. Noizbait hona ekarri beharrekoak...

Edukien zerrenda

Liburuaren Eguna da gaur eta duela urte asko argitaratu nuen liburuaz gogoratu naiz.

2005a zen eta Alberto Muro argazkilariak eta biok Bizkaiko baserriaren inguruko azterketa egin genuen, ikuspegi ezberdinak landuz: historia, jatorria, arkitektura, lana, helburuak, bilakaera, emakumearen lana, produkzioa, modelo berrien bilaketa…

Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu zuen eta esperientzia izugarri polita izan zen. Izenburua jartzeko ere ikerketa egin behar izan genuen.

Zein ondo ibili ginen Bizkaiko hamaika txokotan zehar: batzutan galduta, bestetan ordu txikitan bidean … Abentura bitxiak bizi izan genituen hilabete horietan eta denetarik gertatu zitzaigun.

Eta bereziki maitasun handiz gogoratzen dut, ia hogei urte ondoren, zein harrera ona egin ziguten gure baserritarrek.

Euren lana albo batera utziz gurekin hitz egiteko tartea hartzeko, irakatsiz, erakutsiz… Euren bizimoduaz asko ikasi genuen eta hamaika hausnarketa plazaratu genituen elkarrekin: bilakaera, industrializazioaren eragina, produkzioan aldaketak, baserri-hiriaren arteko gatazka, emakumearen garrantzia baserrian eta bere lana, produkzio modelo berrien bilaketa, erromantizismoa…

Mundua begiratzeko modu bat erakutsi ziguten.

Asko ikasi genuen eta nire kasuan nire baserritar jatorrira itzuli nintzen. Eta barruak astindu zizkidan. Liburu baten sormen eta produkzioa baino askoz gehiago bilakatu zen.

Ni baserrian jaioa naiz eta hiria ezagutu nuen ikastolan hasi behar izan nuenean. Baina baserria nire bizitzako atal oso garrantzitsua izan da, nahiz eta ohea beste leku batean egon.

Liburua sortzen ibili ginen hilabete luze horietan nire izaeraren zati handi bat errekuperatzen nuela sentitzen nuen.

Baserritarrek kontatzen zizkiguten istorio asko gure baserrian bizitakoen antzerakoak ziren eta lehen pertsonan bizitzen nituen. Anekdota ugaritan nire aitita-amama edo nire aita ikusten nituen. Deskribatzen zizkiguten arazoak etxean entzundakoak ziren. Ni nintzen guzti hori. Ni mundu horretakoa nintzen maila handi batean…

Usainak, paisaia, testurak, materialak, jakiak, animaliak… horiek denak nire parte bat ziren. Ezagunak nituen guztiak, hor nengoen ni.

Eta hare gehiago: euskaldunok garenaren zati handia baserritarrei zor diegu. Gure izaera eta bizimodua antzinatik horretan dugu. Sarritan hara jotzen dugu zer garen gogoratu behar dugunean. Hor dago gure esentzia eta beraiek izan dira eta badira horren jagoleak.

Izan ere, beraiek dira gure paisaia zoragarriaren lorazainak. Beraiek zaintzen dute gure ingurune pribilegiatu hau. Asko zor diegu.

Eskerrik asko.

Partekatu nahi duzu?

Azken artikuluak

Harpidetu zaitez eta informazioa jaso

Pribatutasun politikaren gaineko oinarrizko informazioa
Arduraduna: Amaia Ocerin
Helburua: Nire zerbitzuen gaineko gaineko informazioa ematea erabiltzaile bakoitzaren beharren arabera
Legitimazioa: Egokitzen zaien pertsonen baimena
Hartzaileak: Webgunea ostatatu EBko herrialde batean
Eskubideak: Iristea, zuzentzea edo ezabatzea
Informazio gehigarria: Informazioa hemen osatu ahal duzu